MIEtik MUSIKARA ekimenak musikaren indar kolektiboa ospatu du Bilbon eta hiru ibilbide giltzarri omendu ditu: Amaia Apaolaza, Lurdes Iriondo eta Tio Pete estudioa

2026/04/17
BILBO — Musika Industriaren Elkarteak (MIE) MIEtik MUSIKAra ekimenaren bigarren edizioa ospatu zuen ostegun honetan Bilbon, Euskal Herriko zuzeneko musikaren atzean dagoen sarearen garrantzia berriro ere erdigunean jarriz.
Azkena Aretoak sektoreko profesionalak, artistak eta publikoa bildu zituen, aitortza, hausnarketa eta zuzeneko musika uztartu zituen ekitaldi batean, giro hurbil eta esanguratsuan.
Musika bere kabuz gertatzen ez dela ideiaren bueltan, ekimenak kontzertu, proiektu eta esperientzia musikal bakoitza posible egiten duten agenteen sarea ikusarazteko balio izan zuen.
Ekitaldiko une nagusietako bat Euskal Herriko musikaren garapenean funtsezkoak izan diren hiru ibilbideren omenaldia izan zen: Amaia Apaolaza, Lurdes Iriondo eta Tio Pete Estudioa.
Amaia Apaolazari egindako aitortzak musika management-ean izan zuen papera azpimarratu zuen, proiektu artistikoak laguntzeko eta sostengatzeko izan zuen gaitasuna nabarmenduz, baita sektorearen profesionalizazioan egin zuen ekarpena ere. 2015ean zendu zen arren, bere arrastoa oso presente egon zen ekitaldian. Saria Iara eta Anjel Katarainek jaso zuten Ruper Ordorikaren eskutik.
Bestalde, Lurdes Iriondori eskainitako omenaldiak euskal musikaren ahots esanguratsuenetako bat gogora ekarri zuen. Ez Dok Amairu mugimenduko kide izan zen, eta bere ondarea bizirik dirau, bai bere lanetan, bai hizkuntzarekiko eta kulturarekiko izan zuen konpromisoan. Zoritxarrez, osasun arazoengatik ezin izan ziren ekitaldira gerturatu Lurdes Iriondoren ahizpa Ane eta Maria Anjeles Iriondo, baina Azkena aretotik besarkada eta azkar errekuperatzeko mezua luzatu zien Amaia Ispizua MIE elkarteko lehendakariak.
Hirugarren aitortza Tio Pete Estudioari egin zitzaion, Carlos Zubiagak 80ko hamarkadan sortutako grabazio gune historikoari. Bizkaiko lehen estudio profesionaltzat jotzen da, eta ehunka artistak grabatu dute bertan, hainbat belaunaldiren soinuaren eraikuntzan funtsezko lekua hartuz. Eszenatokira Carlos Zubiaga bera, bere alaba Cris Zubiaga igo ziren. Une hunkigarriak bizi izan ziren momentu horretan, batez ere Carlosek gazteei gogor jarraitzeko mezua luzatu zienean eta saria Zea Mays taldeko Aiora Renteria eta Iñaki Imaz “Piti” taldekideek eman zieten.
Ekitaldia amaitzear zela sorpresa izan genuen ere, aretora gerturatzeko zailtasunak izan bazituen ere azken momentuan Jose Lastra teknikaria iritsi zen, Tio Pete estudioko teknikari aitzindaria eta berak hartu zuen hitza. Modu hunkigarrian fokua musikarietan jarri nahi izan zuen berak. Musikaririk ez badago, industriarik ez dagoelako.
Ekitaldiaren aurkezpena Ana Goitiaren eskutik etorri zen, hurbiltasuna eta erritmoa emanez, eta bizitasun polita eman zion omendaldi xumea izan nahi zuen ekitaldiari. Musikari dagokionez, Marta Perez eta Dann Hoyos izan ziren gaueko protagonista, omendu bakoitzaren abesti bana jo eta Lurdes Iriondoren ahizpek eskaturiko Biotzean min dut (Antton Valverde) abestiarekin itxi zuten saioa.
MIEtik azpimarratu zuten sektorearentzat topaguneak sortzen jarraitzearen garrantzia, etengabeko eraldaketan dagoen testuinguru batean, bai eta agertokian daudenak zein atzean lan egiten dutenak aitortzeko beharra ere. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza eskertu nahi izan zuten, Euskal Herriko musika industria babestu eta sustatzearen alde egiten duten lanagatik.
Argazkiak: Guillermo Urkijo




















