albisteak

Euskal Musika Industriaren munduan gertatzen ari den guztia.

MIEtik MUSIKAra Bilbora itzuliko da Euskal Herriko musika industriari balioa emateko

2026/04/09 Prentsaurrekoa | MIEtik Musikara

BILBO — Musika Industriaren Elkartea (MIE) elkarteak MIEtik MUSIKARA ekimenaren bigarren edizioa ospatuko du datorren apirilaren 16an Bilboko Azkena Aretoan. Ekimenaren helburua Euskal Herriko zuzeneko musikaren ekosistema ikusarazi eta indartzea da.

Ekitaldia 19:00etan hasiko da eta sektoreko profesionalak bilduko ditu, aitortza, hausnarketa eta zuzeneko musika uztartzen dituen hitzordu batean.

Musika ez dela bere kabuz gertatzen abiapuntu hartuta, MIEtik MUSIKARA ekimenak kontzertu bakoitza, areto bete bakoitza eta partekatutako esperientzia musikal bakoitza posible egiten duen ekosistema osoan jartzen du arreta. Testuinguru honetan, ekimena topagune gisa sendotzen da, musika industriaren oraina eta etorkizuna elkarrekin eraikitzen jarraitzeko.

Bigarren edizio honetan, Euskal Herriko musikaren garapenean egindako ekarpenagatik hiru erreferente nagusiren ibilbidea omenduko da: Amaia Apaolaza, Lurdes Iriondo eta Tio Pete Estudioa.

Ekitaldia Ana Goitiak aurkeztuko du, eta zuzeneko musika emanaldiak izango ditu une ezberdinak laguntzeko, ospakizun izaera indartuz.

MIEtik MUSIKAra ekimenak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du. Izan ere, Euskara, Kultura eta Kirol Sailaren bidez, lurraldean kultura garatzen eta hedatzen laguntzen duten kultur ekimenak bultzatzen eta laguntzen ditu.

Ekimen honen bidez, MIEk berretsi egin nahi du Euskal Herriko musika industriaren sarea indartzeko duen konpromisoa, agertoki gainean zein atzean lan egiten duten pertsona guztiak balioan jarriz.

Hauek dira 2026an omendu nahi izan ditugun ibilbideak:

Amaia Apaolaza: Bere heriotzetik hamaika urte beteko diren urte honetan ezinbestekoa iruditzen zaigu Amaia Apaolazaren ibilbidea omentzea. Musikari lanean hasi bazen ere geroago manager bilakatu eta Euskal Herriko hainbat artisten bidelagun izan zen, Fermin Muguruza, Ruper Ordorika edo Gose besteak beste. Berak ezarri zituen egun pilpilean dagoen industria oso baten oinarriak.

Lurdes Iriondo: Lurdes Iriondok ahotsa jarri zion Euskal Herriko une garrantzitsu batean musika eta kultura ulertzeko modu bati. Ez Dok Amairu kolektiboko kide sortzaile izanik, bere ibilbidea sentsibilitateak, zintzotasunak eta hizkuntzarekiko zein kulturarekiko konpromiso sendoak markatu zuten. Bere ahotsaz harago, musikarekiko izan zuen jarrerak eta egiteko moduak gaur egunera arte iritsi den arrastoa utzi du, ondorengo belaunaldientzat erreferente bihurtuz.

Tio Pete estudioa: Carlos Zubiagak entsegu lokala izateko asmoarekin sortu zuen proiektu hau Bizkaiako lehen estudio profesionala bilakatu zen 80. hamarkadan. Ordutik ehunka dira bertan bere soinua definitu duten artistak. Estudioaren ibilbidea eszenaren bilakaerarekin lotuta dago, gaur egunera iristen zaigun hazkunde horren lekuko eta parte aktibo izan baita.

Instagram MIEFacebook MIE
MIE WhatsApp
Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookieen informazioa zure arakatzailean gordetzen da eta gure webgunera itzultzen zarenean antzematea edo gure taldeari interesgarri eta erabilgarrien iruditzen zaizun webguneko atalak ulertzen laguntzea bezalako funtzioak betetzen ditu.