
Durangoko Azoka datorren abenduaren 6tik 10era ospatuko da. Ekoizpenen erakusketaz gainera, aurkezpenak, solasaldiak, tailerrak, proiekzioak eta musika zein antzerki emanaldiak egongo dira, besteak beste. Zabalik da azoka honen programazioan parte hartzeko proposamenak bidaltzeko epea irailaren 15etik urriaren 15era. Sortzaile, argitaletxe eta disketxeek, beraz, hilabeteko epea izango dute euren ideiak aurkezteko.
Izen-ematea, azokaren webgunearen bidez egin behar da. Hauek izango dira azokako guneak: Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia eta Talaia.
- Ahotsenean parte hartzeko, 2023. urtean euskaraz kaleratutako disko edo liburua (poesia, narratiba, ipuin-nobela, antzerkia edota saiakera literarioa) aurkeztu beharko da.
- Irudienean, Euskal Herrian azken urtean euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak proiektatu ahal izango dira: film laburrak, dokumentalak, fikzioak, aurkezpenak…
- Kabi@ gunea teknologia berriekin lotutako aurkezpenak egiteko lekua izango da; hitzaldiak, jokoak eta tailerrak, esate baterako.
- Saguganbaran haur eta gazteei begirako aurkezpenak antolatuko dituzte: ikuskizunak, tailerrak, produktuen aurkezpenak, ipuin kontalariak…
- Szenatokian dantza eta antzerki pieza laburrak egongo dira ikusgai.
- Talaian zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.