Musika Industriaren Elkartea

  • Ekainaren 21ean Musikaren Eguna ospatuko da, eta, hori dela bide, Musika Industriaren Elkartean (MIE) azterketa bat egin dugu oraindik ere aurre egin beharreko erronken inguruan. Argi eta itzal arteko bide honek jai eta aldarrikapen bihurtu du eguna. Musikaren arloko profesionalok denbora luzea daramagu aldarrikatzen egoera hobetzea ezinbestekoa dela sektorearen iraunkortasunerako.

    BEZ KULTURALA:

    Europa osoko zerga kultural handienetako bat jasaten lau urte eta erdi igaro ostean, Espainiako Gobernuak Estatuaren Aurrekontu Orokorren aurreproiektua ezagutzera eman du. Aurreproiektu honek zuzeneko ikuskizunen BEZ kulturalaren jaitsiera aurreikusten du.

    MIEn oso pozik gaude neurri berriarekin, guretzat lehen pausua baita jarduera kultural guztiek tasa murriztua izan dezaten. Oraindik ez dakigu jaitsiera hori noiz eta nola aplikatuko den, baina ekimena txalotzen dugu. Izan ere, oso berandu iritsi da, jada itogarria den une batean, eta diskografia- eta zinema- industriak arrazoirik gabe kanpo utzi baditu ere, kulturaren eragileak berreskuratzeko aurrerapauso garrantzitsua da.

    SARREREN BIRSALMENTA INTERNETEN:

    Ikuskizunetako sustatzaileek, artistek, kontsumitzaileen elkarteek eta alderdi politikoek online sarreren kontrolik gabeko birsalmentarekin amaitu nahi dute, eta borroka horrek norabide berdinean mugiarazi ditu amaiera emateko bai espekulazioari bai txartelen trukerako plataforma digitalek jarduteko duten inpunitateari.

    MIEn uste dugu birsalmentari buruzko legea eguneratu behar dela, 1982tik aldatu gabe dagoelako. Izan ere, kaleko jardunari bakarrik egiten dio aurre, eta ez online birsalmentari. Frantzian, esaterako, erregulatu dute egoera, eta Erresuma Batua eta Italia lege bat amaitzen ari dira.

    EMAKUMEA MUSIKAREN IDNUSTRIAN:

    MIEk musika-industriaren sektorean dagoen desberdintasuna ikusaraztea eta salatzea du xede. Duela gutxiko azterketek erakusten digute emakumeek orokorrean egikaritze-postuak betetzen dituztela eta % 22 bakarrik dagoela zuzendari-postuetan.

    Ticketea plataformak egindako txostenak ere ez du industria toki onean uzten. 2016ko 250 kontzerturik jendetsuenak aztertu eta gero, ondorioztatu zuen kontzertuen % 77an “emakume bat ere ez zela artista edo bakarlari nagusia edo emanaldiaren talde protagonistaren kideetako bat”. Era berean, Estatuko 20 jaialdirik handienetan “soilik artisten % 15,4 ziren emakumeak edo taldean nagusiki emakumeak zituzten bandak”. Harritzekoa da, ordea, erosleen % 55 emakumeak izatea. Horregatik, elkarte gisa dugun erronketako bat musika-industriaren sektorean emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatzea eta datu horiei itzulia ematea da, profesionalen kalitateari eta lanari lehentasuna emanez betiere.

    KULTUR ARLOKO LANGILEEN ESTATUTUA:

    Azken aldian asko hitz egin da Kultur arloko Langileen Estatutuari buruz. MIEn Estatuko beste elkarte batzuekin lan egiten dugu sektorearen berezitasunaren arabera hura erregulatuko duen lege bat garatzeko. Lege horrek artistak eta sortzaileak ez ezik teknikariak eta laguntzaileak ere bilduko ditu; azken horiek egiten duten lanean bereziki nabarmentzekoak dira kontratuen iragankortasuna eta aldizkakotasuna, diru-sarreren irregulartasuna eta soldata txikiak.   Lege honek zergei, lanari, irakaskuntza artistikoari, sindikatuei eta egilearen eskubideen babesari dagozkion eremuetan hobekuntzak eta praktika onen kodea jaso behar ditu.

    MEZENASGOAREN LEGEA:

    Gaur egungo eskumenen markoan, Foru Ogasunei dagokienean bereziki, zenbait zerga-ekimen ezar daitezke ekoizpen-beharrak asetzeko finantzaketa pribatua sar dadila ahalbidetzeko, eta, modu horretara, Babes Kulturalaren Legearen existentziarik eza arintzeko.

    Mezenasgoa sustatzen duen zerga-neurri multzo horrek pertsona juridikoak zein fisikoak barne hartu beharko lituzke, Sozietateen Zergaren bidez lehenak eta Errenta Aitorpeneko kenduren bidez bigarrenak.


Artxiboa

    Arreta! Webgune honek kookiak eta antzeko teknologiak erabiltzen ditu. Ez baduzu zure nabigatzailearen konfigurazioa aldatzen bere erabilera onartzen duzu.

    Kookiak