Musika Industriaren Elkartea

  • 2013ko neguan euskal musika industriaren egoera salatu nahi genun. Musika arloa krisialdi egoera honetatik irteteko estrategietatik kanpo geratu dela sentitzen dugu. Hau dela eta hona hemen gure aldarrikapena:

    •  BEZ murriztua behar-beharrekoa da.

    Gaurko BEZaren ezarpena, Europako altuenetako bat, gure industriaren ekonomia estutzen ari da zeharo. BEZ murriztua behar dugu kultur alorreko zerbitzu guztietan, honek kultura eskuragarriago jartzen baitu. Nahiz zuzenean, nahiz edozein formatutan grabatua eta banatua den musika errazago gizarteratzen baitu.

    Ez dugu ulertzen gure euskal administrazioen jarrera. Hauek agerian utzi dute Madrileko Gobernuak ezarri duen BEZ altuaren aurkako iritzia baina behin derrigorrez zerga ezarrita ez dute inolako neurririk hartu diru-bilketa horiek kultur eremura itzultzeko

    Musikaren industria euskal kulturgintzako giltzatako bat da eta horrelaxe antzeman behar dute gizarteak eta haren ordezkari politikoek.

    •  Euskal musikarako plan estrategiko industrial bat ezinbestekoa dela aldarrikatzen dugu.

    Euskal kulturaren ekonomia sustatzeko neurriak behar ditugu eta bereziki musikaren industriari begira.

    Sentsibilitate politiko ezberdinen arteko akordioak sinatzen dituzten sasoi hauetan musikaren industriaren lana eta ahalegina kontuan hartzea eskatzen dugu. Industria arlo honek ere euskal gizarte moderno, solidario, jasangarri eta lehiakorragoa nahi du. Tamalez PNV, PSE eta PPren arteko akordioan ez dago kultur industriari buruzko inolako aipamenik.

    Akordio horrek azpiegitura, garraio, etxegintza, zientzia, ingurumen… eremuetan ezartzeko estrategiak adierazten ditu baina gure agintarien arabera, kultur industriak ez du biderik gure herriaren etorkizunean parte hartzeko.

    Behar-beharrezkoa da musika industriaren premiei aurre egitea. Berrikuntzan inbertitzeko kredituak behar ditugu, euskal kultura sustatzeko planak behar ditugu eta ororen gainetik, administrazio guztien (udalen, Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren) inplikazio fidagarria, koordinatua eta eraginkorra behar dugu.

    • Euskal kultura defenditzen duen plan estrategiko kulturala beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu.

    Gure bizitzaren ezinbesteko osagaiak dira kultura eta eremu horren barruan kokatzen den musika. Horrexegatik, hezkuntzarekin eta osasunarekin batera kultura dugu gaurko eta geroko gizartearen oinarria.

    Kultura eta musika gure izanaren partaideak dira. Duela 35.000 urte, hiru zuloko flautaren soinua Izturitzeko leizetan barrena entzun zen. Gaur, XXI. mendean, musikak bizi-bizi dirau eta pertsona zoriontsuagoak izaten ahalbideratzen du.

    Jose Antonio Artzeren poemaren gainean Mikel Laboak musikatu zuen kanta hark gogora ekartzen duen moduan, arriskua begi aurrean daukagu: “Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean” . Egun batean burua altxatzean gure musikaren industria desagertu dela ohartuko gara. Orduan desagertutakoaren hutsunea somatuko dugu eta ezinbestekoa zela konturatuko gara.

     

    Entzun ezazu gure bazkide Jose Angel Serranori egindako elkarrizketa irratian!


Artxiboa

    Arreta! Webgune honek kookiak eta antzeko teknologiak erabiltzen ditu. Ez baduzu zure nabigatzailearen konfigurazioa aldatzen bere erabilera onartzen duzu.

    Kookiak